Naiz

Tahúres Zurdos taldea Burlatako Gu Emakumeok jaialdian izango da

Nosotras Gu Emakumeok musika jaialdia bi egunetan zehar ospatuko da aurten. Hasiera batean egun bakarreko egitaraua bazuen ere, Tahúres Zurdos talde nafarrak ere bat egin du festarekin eta beste egun bat gehitu diote.

Aurora Beltranek Bilboko ‘Emakumeak’ zikloan parte hartu zuen. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Aurora Beltranek Bilboko ‘Emakumeak’ zikloan parte hartu zuen. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Burlatako Nosotras Gu Emakumeok jaialdia bi egunetara zabalduko da aurten. Bere laugarren edizioa martxoaren 6an eta 7an ospatuko dute, nahiz eta hasiera batean egun bakarrera mugatzen zen egitaraua.

Lehen saioan Wolfjaw (Britainia Handia), Laura Cox (Estatu frantsesa) eta Jared James Nichols (AEB) musikariak izango dira.

Bigarren egunean izarra Tahúres Zurdos talde nafarra izango da. Aurora Beltranek gidatutako formakuntzak 90ko hamarkadan arrakasta handia izan zuen. 2004an musika albo batera uztea erabaki zuten, baina iaz taldekideak elkartu egin ziren kontzertu baterako. Piztu zuen jakinmina ikusirik, Estatu espainoletik hainbat emanaldi lotu zituzten. Horien artean Burlatako hau.

Tahúres Zurdos-en aurretik oraindik iragarri ez duten beste talde gonbidatu batek joko du.

Bi egunetako emanaldiak 21.00etan hasiko dira Burlatako kultur etxean –ateak ordu erdi lehenago zabalduko dituzte–. Lehenengo egunerako sarrerak 15 eurotan daude salgai (20 euro egunean bertan). Bigarren egunerako, berriz, 15-18 eurotan daude salgai (pistan edo gradetan); egunean bertan 18 euro balioko dute guztiek. Bi kontzertuetara joateko abonamenduak ere eskuratu daitezke 22 euroren truke.

Sarrerak webgune honetan erosi daitezke, baita Iruñeako El Infiernito Guitar Shop dendan eta Burlatako Jumai tabernan.