Elkarretaratzea eginen dute Antsoainen, hilaren 26an, haur eskola euskaldun publikoaren alde

Antsoainen, sare publikoan, haur eskola euskaldunaren beharra ta eskubidea aldarrikatzeko, elkarretaratzea deitu du guraso talde batek otsailaren 26rako. «Antsoaingo Udalari seme-alaben hizkuntza eskubideak bermatuko dituen konponbide bat exijitzen diogu, ez dugu bigarren mailako herritarrak izaten jarraitu nahi».

Aitor AGIRREZABAL|Antsoain|19/02/2020
Antsoain
Antsoainen, sare publikoan, haur eskola euskaldunaren beharra ta eskubidea aldarrikatzeko, elkarretaratzea deitu du guraso talde batek. (Iñigo URIZ / FOKU)

Antsoaingo guraso talde batek elkarretaratzea deitu du otsailaren 26rako, 17:30ean, Udal plazan, ‘Antsoainen haur eskola euskalduna orain!’ lelopean. Gaur, toki berean egin duten agerraldian, haien seme-alaben hizkuntza eskubideak bermatuko dituen konponbide bat eskatu diote udal taldeari. «Ez dugu bigarren mailako herritarrak izaten jarraitu nahi», defendatu dute.

Antsoainen, sare publikoan, ez dago euskarazko eredurik duen haur eskolarik. Luzetik datorren kontua da hau. Horrela, seme-alabak euskarazko murgiltze ereduan eraman nahi izatekotan, Iruñekoetara eraman behar zituzten eta nafar hiriburuko Udalak ezartzen zien kuota gehigarria (83 euro) ordaintzera behartuta zeuden. Duela bi urte, bi udalen arteko akordio baten ondotik, Antsoaingoak beregain hartu zuen kuota hori.

Hala ere, azken bi urteetan ez dutela «aurrerapausorik ikusi» nabarmendu dute. Zentzu horretan, hauteskunde garaian «alderdi politiko bakar batek ere ez zuela gaia programan jaso» azpimarratu dute eta 2020ko aurrekontuak aurkezterakoan ere haur eskola euskalduna sustatzearei ez zaiola partidarik eskaini jakinarazi. Era berean, Udalari bere araudia ez betetzea leporatu diote. «Udal haur eskolako eredua erdalduna bada ere, araudiaren arabera bederatzi hezitzaileetatik seik euskaldunak beharko lukete izan. Ez da betetzen», gehitu dute.

Egoera aztertuta, «gaia kaleratzeko beharra» hauteman zuten, udaletxean presioa egiten jarraitzen zuten bitartean. Bide horretatik «oraindik erantzunik izan ez duen» instantzia bat sartu zuten azaroan eta Arartekoarengana ere jo dute.

Laster irekiko da 2020/2021 ikasturteko haur eskolen matrikulazioa eta «Udalak ez duela konponbiderik eskaintzen» salatu dute. Adierazi dutenez, Iruñeko Udalarekin hitzarmena sinatzekotan da berriz ere Antsoaingo Udala. «Hitzarmena egonda ere, badakigu Iruñeko Udalak euskarazko plaza kopurua murriztuko duela. Hala izanez gero, Antsoaingo familiak kanpo geratuko gara». Beraz, egoera ez aldatzekotan, ezinezkoa izanen zaie aurten seme-alabak euskarazko sare publikoan matrikulatzea.

Azkenik, elkartasuna adierazi nahi izan diete euskal hezkuntza publikoaren alde lanean ari diren Iruñeko eta Mendigorriko guraso zein NUPeko ikasleei.

INFOS ASSOCIÉES

Iñaki VIGOR

Domingo al mediodía. El sol y la agradable temperatura invitan a pasear, pero las calles y plazas de Iruñea están prácticamente desiertas. Han pasado dos semanas desde que comenzó el estado de alarma, para intentar frenar la expansión del coronavirus, y la ciudad ofrece un aspecto que parece irreal.