Jon Ormazabal
Iruñea

Jokin Altunak laineza hartuta jarraitzen du (22-13)

Iñaki Artolak gauza asko asko egin ditu ondo, sakean eta errestoan bikain aritu da, baina ez da nahikoa izan amezketarraren sendotasunari aurre egiteko

Altuna eta Artola, gaur Labriten. (Iñigo URIZ / FOKU)
Altuna eta Artola, gaur Labriten. (Iñigo URIZ / FOKU)

Hirugarren saiakeran, falta zitzaion garaikur gutxietako bat lortu du Jokin Altunak gaur eguerdian Iruñeko Labriten, Iñaki Artolari 22-13 irabazita, lau eta erdiko Sanferminetako lehen txapela bururatu baitu amezketarrak.

Aspaldiko partez burua eta gorputza freskatzeko aukera izan du Jokin Altunak Buruz buruko finalerdietatik kanpo geratuta eta entrenatzeko astia eta gorputza izanda, sekulako joko bolada harrapatu du uda hasiera honetan, arerioentzat ia atzemanezina bihurtu arte.

Iñaki Artola ere joko bolada onean heldu d finalera bere enpresako espezialistarik onenak kanporatuta, baina bazekien finala irabazteko txapelketako partidarik onena jokatu beharko zuela. Gauza asko ondo, oso ondo ere bai, egin ditu alegiarrak, esaterako sakeak ateratzen eta erantzuten aurrera pausu handia eman du, pilota ere bizi erabili du, baina hori guztia ez da nahikoa izan laineza hartuta dabilen Altuna handi baten aurka. Bainaren bat jartzekotan, izan dituen aukerako pilota batzuetan ez da behar bezain eraginkor aritu Baikoko aurrelaria eta gaur eguneko Altunari irabazteko denean ibili beharra dago bikain.

Izan ere, profesionaletan elkarren aurka aritu ziren partidetan fisikoki nagusi agertu zen Artola, bi urte zaharragoa ere bada, baina arlo horretan ere inoren inbidiarik ez du amezketarrak eta esaterako, gaurko partida hasiera gogorrari ere –lehen tantoan 27 pilotakada jo dituzte– hobeto erantzun dio Aspekoak. Hortxe hartu du sei tantotako lehen abantaila, partida gutian zehar bikain kudeatzen jakin duena.