Barañainen ere herritarrek Zaintza Sarea antolatzeari ekin diote

Barañainen ere laguntza-sarea antolatu dute koronabirusaren ondorioei aurre egiteko. 80 lagun baino gehiago elkartu dira 4.000 adineko duen herri batean. Harremanetan jartzeko 644659113 telefonora deitzeko edo barazain2020@gmail.com helbidera idazteko eskatzen dute.

NAIZ|BARAÑAIN|2020/03/20
Centro_salud_baranain
Barañaingo osasun etxea.

«Covid19 birusak eragindako osasun-alertaren eta bizi dugun gizarte-krisiaren aurrean, Barañaingo bizilagunok sarean antolatu gara zaintza komunitarioko lan bati ekiteko. Joan den martxoaren 15ean ekimena jendaurrean jarri zenetik, 80 lagun baino gehiago elkartu dira. Elkar ezagutzen ez genuen pertsonak eta orain bolondres gisa sarean ari gara lanean egoera konplexu bati irtenbidea emateko», azaldu dute ekimen honen bultzatzaileek.

«Zainketa publikoen gizarte-sistemarik ez dagoela ikusi dugu eta, horregatik, aktibatzeko beharra eta desira piztu zaizkigu sortzen ari diren zainketa-behar berezi guztiei modu zorrotz eta azkarrean erantzun ahal izateko. Behar horiek aldatuz joango dira, eta horiei irtenbidea emateko erantzuna dinamikoa izango da», gaineratu dute.

»Gure etxeetatik ari gara lanean, ahalik eta prebentzio-jarraibiderik onenak kontuan hartuz eta horiek abian jartzeko modurik egokiena zein den aztertuz. Sare komunitarioek ez dute zertan fisikoak izan, eta are gutxiago materialean soilik zentratuak. Sarez ari gara harremanaz eta elkartasunaz hitz egiten dugunean; zainketaz ari gara guztien ongizatea kontuan hartzen dugunean», azaldu dute.

Adineko eta pobrezi-egoeran murgildutakoak

«Informazio faltak eta erakundeek eskainitako neurri urriek pertsonen ziurgabetasun-sentsazioa areagotzen dute, batez ere egoera ahulenean daudenena, eta horrek antolatzeko beharraren ideia indartzen du. Barañain ez da aldaketa demografiko orokorretatik kanpo geratzen, eta 4.000 adinekok behar izaten dute arreta. 600 pertsona baino gehiago dira pobrezia-egoeran bizi direnak eta boluntarioek antolatutako elikagai-bankuetara joan behar izaten dute», salatu dute.

«Baina herri honek, historikoki, gizarte kohesionatua eta herri bizia izateko nahia erakutsi du. Horregatik, komunitate-lanean eta era guztietako elkarteetan egindako ibilbideari esker, orain modu arinean jardun ahal izaten ari da, nahiz eta gizarte-larrialdiko egoera honi erantsitako zailtasun batzuk izan», erantsi dute.

«Bakarrik bizi den eta kezkatuta edo urduri dagoen pertsona batekin telefonoz hitz egitea izan daiteke lbete nahi dugun eginkizunaren adibide bat», azaldu dute.

Zerbitzua asteazkenetik da martxan eta lehenengo deiak 644 659 113 telefonoan jasotzen hasi dira, osasun edo egoera pertsonala dela-eta arreta berezia behar duten pertsonentzat. Herriko kultur, gizarte eta erakunde ezberdinekin ere ari dira lanean. «Elkarrekin arraunean, egoera honetatik hobeto irtengo gara», nabarmendu dute.

«Oso garrantzitsua iruditzen zaigu bizitzak nahiz zainketak erdian jartzea eta baita gizartearen erantzukizuna sustatzea ere, modu errealean eta hurbilean. Pertsonarik ahulenak eta arrisku-taldeak ditugu gogoan, eta horregatik jarri dugu abian dinamika hau.
Gorputzekin behar den distantzian lan egingo dugu, baina bihotzak ahalik eta hurbilen ditugula. Pixkanaka sare hori ehuntzen ari gara eta, horretarako, pertsona adituek etengabe gidatuko gaituzte, eta martxan jar ditzakegun zerbitzu edo ekintzen berri emango dugu. Gogoan izan boluntario-lan hau egin nahi duen herritar orok helbide honetara mezu elektroniko bat bidal dezakeela: barazain2020@gmail.com», esan dute.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

Iñaki VIGOR

Domingo al mediodía. El sol y la agradable temperatura invitan a pasear, pero las calles y plazas de Iruñea están prácticamente desiertas. Han pasado dos semanas desde que comenzó el estado de alarma, para intentar frenar la expansión del coronavirus, y la ciudad ofrece un aspecto que parece irreal.