Ibai AZPARREN

Eskubideen Kartak aurrekontu «antisozial eta eskasak» gaitzetsi ditu nafar Parlamentuan

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ostegun honetan elkarretaratzea egin du Nafarroako Parlamentuaren aurrean aurrekontu «duinen eta sozialen alde». Ordezkarien iritziz, 2020. urteko aurrekontuek «ez dituzte bermatzen gizartearen gehiengoak aldarrikatzen dituen lan, pentsio eta bizitza duinak», eta horregatik eraman dute salaketa Legebiltzarraren atarira.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren elkarretaratzea Nafarroako Parlamentuaren aurrean. (@ibaiazparren)
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren elkarretaratzea Nafarroako Parlamentuaren aurrean. (@ibaiazparren)

Eskubide Sozialen Kartak aurkeztu zuen Herri Ekimen Legegilean jasotzen denez, lege bidez osatu behar da gutxiengo pentsioa 1.080 euro arte, kalitateko enplegua lortu behar da, eta Errenta Bermatua eta etxebizitzarako eskubidea babestu behar dira.

Lan-arloan, soldata-arrakala, diskriminazioa eta indarkeria matxista amaituko dituen lege bat onartu behar da. Izan ere, Karta Sozialaren ordezkarien iritziz, Nafarroako Gobernuak babestu behar du hezkuntzan eta osasunean egindako inbertsioak Europako parametroetan koka daitezen, eta babestu behar ditu Nafarroan 1.200 eurotako gutxieneko soldataren eta 35 orduko lanaldiaren aldarrikapena.

Karta Sozialak horietako neurri bakar bat ere aintzat hartu ez dela salatu du Parlamentuaren aurrean. Horrela, «agerian geratu da Nafarroako Gobernuak borondate politikorik ez daukala gizartearen gehiengoaren alde gobernatzeko, Nafarroako langileriaren premiak gaindi daitezen, zeinak lan, pentsio eta bizitza duinak eskatzen dituen», salatu dute.

Imanol Karrera LAB Nafarroako bozeramaileak Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan «enpresarien neurriko fiskalitatea» garatzen dela salatu du, «gure aldarrikapenak aintzat hartzen ez dituela eta austerizidioak markatzen dituen arauak onartzen» dituztela gaineratuz.

Honen aurrean, Karrerak uste du «alternatiba» bat dagoela: «Posible da justizia sozialean oinarritutako bestelako fiskalitatea garatzea eta baita Nafarroan burujabetza defendatzea gure bizi eta lan baldintzak erabaki ahal izateko».

Gainera, Karta Sozialaren aldarrikapenak gizartean «gero eta indar gehiago hartzen ari» direla azaldu du Karrerak, eta horren adibidea da, honen esanetan, «orain arte PSNk eta elite ekomikoek ez zituztela onartu gure aldarrikapenak».

Honekin batera «oso garbi» izan nahi dutela nabarmendu du, eta neurri hauek «erabat sinbolikoak eta ez nahikoak» direla salatu du, greba egunean aldarrikatutakoa jasotzen ez dutela gaineratuz.

Ildo horretan, Imanol Pascual ELA Nafarroako bozeramaileak Parlamentuak ostegun honetan onartu dituen aurrekontuak «antisozialak» direla azpimarratu du, gastu araua eta defizit publikoarekin bat egiten dutelako eta Nafarroako fiskalitatearengatik erabat baldintzatuta daudelako.

«Europar Batasunarekin alderatuta askoz gutxiago jasotzen da zergen bidez, injustuta da langileek pairatzen dutelako eta iruzur fiskalarengatik. Zentzu horretan, are larriago iruditzen zaigu Geroa Bai, PSN eta Navarra Sumak hartutako erabakiarekin ondareen gaineko zerga ezabatu zelako», gaineratu du Pascualek.

EH Bildu eta Nafarroako Gobernuaren arteko akordioaren inguruan, ELAko bozeramaileak hauekin orientazio antisozaiala berbideratzen ez dela esan du, gastu sabaia «soilik 0,4 igotzen delako». «Gizarteari okerreko mezua zabaldu diote, soldata eta pentsioen ingurukoa akordioa ez baita loteslea Nafarrroako Gobernuarentzat», kritikatu du.