naiz
Iruñea

Ilundain iruindarra ostegunean epaituko dute Auzitegi Nazionalean eta mobilizazioak deitu dituze

Alberto Ilundain iruindarra ostegunean epaituko dute espainiar Auzitegi Nazionalean. 18 urte eman ditu preso frantziar Estatuan eta, maiatzean espainiar Poliziaren esku utzi ostean, orain beste hainbesteko zigor eskaria dauka. Honen aurrean, Alde Zaharrera ekimenak mobilizazioa deitu du azaroaren 14rako nafar hiriburuan.

Azaroaren 14an Alberto Ilundain iruindarra epaituko dute espainiar Auzitegi Nazionalean, 18 urteko espetxe zigor eskaerarekin. Bere aurkako froga bakarra torturapean lortutako testigantzak direla azpimarratu du Alde Zaharrera kolektiboak.

Ilundainek dagoeneko 18 urte eman ditu preso frantziar Estatuko espetxeetan. Maiatzean, zigorra beteta, frantziar Estatutik kanporatu eta espainiar Poliziaren esku utzi zuten. Geroztik espetxean dago iruindarra, lehenengo Madrilen eta gero Valladoliden, epaiketaren zain.

«Gure auzokidea biziarteko zigorrera zigortu nahi dute edozein epaitegi justutan onartuko ez lituzketen frogekin. Horregatik, Alde Zaharretik aski dela diogu», adierazi dute ohar baten bitartez. Era berean,gatazkaren konponbidean pausuak eman aldera, «salbuespen legeak bertan behera uztea, torturapean lortutako testigantza guztiak baliogabetzea eta euskal presoak etxeratzea» aldarrikatu dute.

Hornen aurrean, ostegunean, azaroaren 14ean, 19:00etan, Iruñeko Merkaderesetik egingo duten mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte Alde Zaharreko zein Iruñeko bizilagun, elkarte eta kolektibo guztiak.