naiz
iruñea

Ezkurdiak eta Rezustak iazko garaipena berretsi egin dute Sanfermin torneoan

Bigarren urtez jarraian, Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta izan dira Sanfermin torneoko irabazleak. 22-16 garaitu dituzte Iker Irribarria eta Jose Jabier Zabaleta, markagailua irauli ostean. Arbizuko aurrelariak urte bikaina darama eta gaurkoan ere torneoko onenaren saria eman diote.

Ezkurdia eta Rezusta, Sanfermin torneoko irabazle. (Idoia ZABALETA / FOKU)
Ezkurdia eta Rezusta, Sanfermin torneoko irabazle. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezustak 2017ko San Fermin torneoa irabazi zuten, eta gaurkoan euren nagusitasuna berretsi egin dute Iruñeko Labriten. Finalean 22-16 irabazi diete Iker Irribarria eta Jose Jabier Zabaletari, partida gogor baten ostean. Amaieran freskoago egon dira gorriak, eta horrek eman die, azkenean, garaipena lortzeko aukera.

Azken bi urteetako Binakako txapelketako lau txapeldunak plazaratu dira gaur Labriten, baina bikoteak aldatuta. Hala ere, emaitza bikaina izan da eta partida borrokatua eskaini dute.

Irribarria eta Zabaleta aurretik ibili dira partidaren zati handienean. 2-7, 3-10, 6-13 eta 15-16 aurreratu dira. Baina hau izan da bikoteak egin ahal izan duen azken tantoa. Hortik aurrerako guztiek kolore gorria izan dute, Ezkurdia eta Rezustarena. Arbizuko aurrelariak gehiago asmatu du aurreko kuadroetan, eta Zabaletak nekea somatu du, hainbat pelota galduaz.

Joseba Ezkurdiari pilotari onenaren saria ere eman diote udako lehen torneoan .

Egunero beteta

Urtean zehar ohiko irudia izan ohi da Labrit beteta ikustea, batez ere txapelketako partidekin. Eta Sanfermin torneoan zehar ere, irudi bera eskaini du eguna joan eguna etorri sarrerak agortuta.