naiz
iruñea

Euskal Herria kantuz eguna ospatuko dute Iruñean, ekainaren 2an

Euskal Herriko kantu taldeak Iruñean bilduko dira ekainaren 2an, ‘Zazpiietan lehena’ lelopean.Euskal kanta zahar eta berriak abestuko dituzte «gure izena eta izana aldarriktuz». Goiz guztirako egitaraua prestatu dute, eta herri bazkaria ere ez da faltako.

Sanferminetan egin ohi den Kantuz ekimenetako bat. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Sanferminetan egin ohi den Kantuz ekimenetako bat. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

2010. urtean euskal kantu talden sarea sortu zenetik, zortzigarren aldiz antolatuko dute Euskal Herria Kantuz eguna. Kasu honetan, ekainaren 2an bilduko dira Iruñean, ‘Zazpietan lehena’ lelopean. «Nafarroa sorterria eta amalurra dela adieraziko dugu kantuz», azaldu dute ohar baten bidez.

Nafar hiriburuko kale eta plazetan «gure izena eta izana» aldarrikatuko dituzte. Dinamika honek «kantatzeko ohitura berreskuratzea» du helburu eta kaleak «kantuz dinamizatzea». Era berean, euskal kantagintza «ondare gisa» aldarrikatzen dute. «Kantuaren bitartez euskal kultura, berezko izaera, ohiturak eta historia ezagutzera ematea», nabarmendu dute.

Era berean, «euskara bultzatzea» ere badute jomuga. Eta ekainaren 2an UPN, PP eta PSNk bultzatutako euskararen aurkako manifestazioari kontrajarriko zaio Iruñean.

10:00etan Euskal Herri osotik iritsitako kantuzaleei ongietorria eginen zaie. 10:40ean emanen zaio hasiera kalez kaleko kantujirari eta 11:15ak aldera iritsiko dira Udaletxe plazara, non bertsolariak ere izanen diren. 12:15ean San Frantzisko plazan, kantuei dantzak batuko zaizkie. 13:00ean, Sarasate pasealekuan dute hitzordua eta ordu erdi beranduago Karlos III etorbidean. Herri bazkari batekin emanen diote hasiera, Salestarren patioan.