naiz
iruñea

Iruñeko Alde Zaharrak Alternatiben Herria hartuko du ekainaren 2an

«Guztion artean eredu sozial berria eraikitzera goaz eta horretarako, posible dela ikustarazteko», ekainaren 2an Iruñean Alternatiben Herria ekimena antolatuko dute Iruñeko Alde Zaharrean. ‘Hemen Bai’ lelopean egingo dute.

Katakraken aurkeztu zuten Iruñean antolatuko duten Alternatiben Herria.
Katakraken aurkeztu zuten Iruñean antolatuko duten Alternatiben Herria.

Hainbat eragile sozial eta sindikalek antolatuta, Alternatiben Herria egingo dute ekainaren 2an nafar hiriburuko Alde Zaharrean. «Inposatzen diguten ereduen aurrean, hemen bai, pertsonen beharrak erdigunean jartzea posiblea dela erakutsi nahi dugu», adierazi dute ohar baten bidez. «Guztion artean eredu sozial berria eraikitzera goaz», gehitu dute.

2015ean Euskal Herriko Karta Sozialak deialdia zabaldu zuen eta Bilbon antolatu zuten Alternatiben Herria. Lehenago, 2013.urtean Pariseko klimaren gailurraren ostean, Bizi! mugimenduak 10, 100, 1.000 Alternatiben herrixka antolatzera deitu zuen, Baionan lehenengo ekitaldi handia ospatuz. Aurten, Nafarroak hartuko du txanda.

Egun horretan, Alde Zaharra hainbat «auztoan» banatuko dute, bakoitza bere espazio tematikoarekin. Auzo bakoitzean jorratu dituzten ildoak erakusgai izango dira. Besteak beste, Ekonomia auzoa, Herriak eta lurra, Bizitza anitzak eta duinak, Arragoa (hizkuntza eta kultur ondarea), Parte hartzea, demokrazia, burujabetza eta Haurren Errepublika bezala izendatu dituzte auzo horiek.

«Alternatibak nahi eta behar ditugu eta gure proiektua horren erakusgarri izango da. Horregatik, hain zuzen ere, prozesu partehartzaile eta horizontal baten bidez ari gara lanean, non konfidantza, gardentasuna, erabaki guneen errespetua, eskubide linguistikoak, zaintza eta prozesua bera berebiziko garrantzia duten». Bide horretan, Iruñean antolatuko duten Alternatiben Herria «ez dela helmuga» azpimarratu dute, «bidearen geltokia baizik». «Agerian utziko dugu trantsizio ekologiko eta soziala lortzeko bidean ezinbestekoa direla jendartearen aktibazioa», azpimarratu dute.