NAIZ

‘EgunOn!’ lelopean, maiatzaren 20an Iruñean antolatuko dute Sortzen jaia

Iruñeko Antoniutti parkean, maiatzaren 20an, egingo dute euskarazko eskola publikoaren aldeko Sortzen jaia. ‘EgunOn!’ lelopean, «mundu guztiak eguna euskaraz hasteak duen garrantzia» irudikatuko dute.

´Egun on!´ lelopean antolatuko dute aurtengo Sortzen jaia. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
´Egun on!´ lelopean antolatuko dute aurtengo Sortzen jaia. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Sortzen Elkartearen 2018ko Jaia maiatzaren 20an izanen da, Iruñeko Antoniutti parkean. Jaiaren protagonista eta leloa aurkeztu ditu Sortzenek bertan egindako agerraldian. ‘EgunOn!’ izango da aurtengo leloa, euskarak eguneko lehen hitzetik duen garrantzia nabarmenduz.

«EgunOn! egun on bat sortu eta garatuko dugunaren seinale gisa. EgunOn!, mundu guztiak eguna euskaraz hasteak duen garrantziaren irudikapen gisa, edo eta eguna euskaraz hasi nahi duen orok hasteko aukera duela adierazteko modu gisa. Dakienak erabiltzeak duen garrantziaren adiera gisa. EgunOn!, egunak euskaraz ere bizi nahi ditugula adierazteko modu gisa», adierazi dute.

Maiatzera bitarte dinamika ezberdinak garatuko dituzte eta «sorpresa berriak» izanen direla iragarri dute. Aurtengo jaiaren baitan euskarari bere garrantzia eskaini nahi diote. «Euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen urrats berriak ematen jarraitzen dugun honetan, bai lurralde osoa barnebilduko duen ofizialtasuna aldarrikatuz, bai D eredua diskriminazio guztien gainetik zabalduz», gehitu dute.

Zentzu horretan, euskara «herritar guztiok ezagutzeko eskubidea bermatuko lukeen hizkuntza eredu bakarraren zabalpena» defendatu dute eta horretarako, hizkuntza «hedatzen, zaintzen, garatzen eta erabiltzen jarraitzeko» determinazioa erakutsi dute.

Iaz bezala, eskola desberdinetako hezkuntza komunitateetako kideek auzolanean antolatuko dute jaia.