NAIZ
IRUÑEA

Markagailua irauli eta nagusitasunez irabazi du Osasunak (4-2)

Ongi hasi du urtea Osasunak, Valladoliden aurka nagusitasunez irabaziz. Horretarako, baina, 1-2ko markagailuari buelta eman behar izan diote gorritxoek. Dabid Rodriguez –bi bider–, Fran Merida eta Kike Barja izan dira golegileak.

Jokalari gorritxoak, gol bat ospatzen. (@CAOsasuna)
Jokalari gorritxoak, gol bat ospatzen. (@CAOsasuna)

Atzo, larunbatez, jokatu behar zuten neurketa, baina denboraleak ezinezko egin zuen baloia martxan jartzea Sadarren. Klubaren langileek egindako lanari esker, igande eguerdi honetan neurketa bat hartzeko moduan zen soropila, eta halaxe egin dute.

Bikain hasi da neurketa gorritxoentzat, bosgarren minuturako gola egin baitu Dabid Rodriguezek. Bikain aritu da etxeko taldea lehen 30 minutuetan, markagailuan aurretik izanagatik ere erasoko jokaldiak bata bestearen atzetik kateatuz. Gutxien espero zenean, baina, banakoa egin du Matak Valladolidentzat 32. minutuan; kolpea are handiagoa izan da 45.ean Matak bigarrena egin duenean.

Markagailuan atzetik ekin behar izan dio bigarren zatiari Osasunak. Ez du gol aukera garbirik sortu lehen 20 minutuetan, harik eta 69.ean penaltia egin dioten Fran Meridari; berak jaurti eta egin du gola.

Golak bizia eman dio etxeko taldeari eta konturatzerako aurretik ziren berriz markagailuan; Dabid Rodriguez izan da golegilea –bigarrenez–. 72. minutua zen. Hiru minutu zoro eta Osasuna aurretik zen markagailuan.

Gora egin du orduan Valladolidek, neurketa berdindu asmoz. Osasunak, baina, partidua ongi defendatzeaz gain aurrera egiteko beta ere izan du, eta horrela egin du Kike Barjak taldearen laugarrena.