Elkartasun eredua, iruditan

Hatortxu Rockek ‘HTX20; Elkartasuna, eskuz esku’ argazki liburua aurkeztu du. Milaka pertsonen lan boluntarioak egin zuen posible elkartasun jaialdiaren 20. edizioa eta argazkiek auzolan erraldoi hori bildu dute. 200 irudi baino gehiago herritar askoren gogoan geratu den proiektu bat laburbiltzeko.

NAIZ|IRUÑEA|2017/11/27 21:10
Htx20_liburua3
‘Elkartasuna, eskuz esku’ liburua aurkeztu du Hatortxu Rockek.

«Hatortxu Rock 20 erraldoia izan zen. Askotan aipatu dugu. Hain handia izan zen emaitza, gauza asko gure bistatik kanpo ere geratu zirela. Hau dela-eta, elkartasun jaialdi erraldoia posible egin zuen auzolana argazki liburu batean bildu dugu». Hatortxu Rockek 20. edizioa antolatu zuen uztailaren azken asteburuan eta orain ‘HTX20; Elkartasuna, eskuz esku’ argazki liburuan bildu du.

Liburuak, agertokietan eta hauen aurrean gertatutakoa erakusteaz gain, hauen atzean bizitakoa ateratzen du azalera. Lehen hesiarekin auzolana hasi zen egunetik, azken zabor poltsa bildu arte. 200 argazki baino gehiago 152 orrialde dituen lanean. 6.000 pertsona inguru aritu ziren Lakuntzan lanean proiektu hau posible egiteko.

Ohar baten bidez azaldu dutenez, «kultura du aldarrikapen esparru Hatortxu Rockek». «Euskal errepresaliatu politikoen eta haien senideen eskubideen defentsa eta dispertsio politikaren salaketa. Normalean, musikaren bitartez jaialdi bat antolatuz». Aurten, ordea, lau eguneko jaialdi berezia antolatu zuten, 85 musika talde eta milaka lagunekin. «Hatortxu Rock 20ak hartutako pisua ikusita, beste ate batzuk ere jo ditugu. Ostegunean Iruñeko Golem Baiona zinemetan estreinatuko da ‘HTX20; Elkarrekin edozer dugu posible’ dokumentala, eta eskutik dator argazki-liburua ere».

Argazkilari taldea ere tamainakoa izan da. Gari Garaialde, Ander Gillenea eta Josu Truebaren Bostok Photo taldeaa, Saioa ‘Gauilunak’, Ibai Arrieta, Eider Iturriaga, Amaia Oca, Zuriñe Alava, Fermin Bidaurre eta Dabid Sanchez. Diseinua, Oiartso Los Arcosen esku egon da eta hitzaurrea, aldiz, antolakuntzako kide den Aitor Agirrezabalek egin du.

Liburua ostegunean jarriko da aurre-salmentan, dokumentalaren aurkezpenean, eta ondoren Durangoko Azokan ere lortzeko parada izanen da, Txalapartaren standean.

Pello GUERRA

Las obras de restauración del claustro de la catedral de Iruñea avanzan a buen ritmo y podrían estar finalizadas en 2019, un año antes de lo previsto. En estos momentos, los trabajos se centran en los dos últimos tramos por restaurar, donde ha quedado al descubierto un inusual escudo de los monarcas navarros.