NAIZ
Antsoain

Ezkaba mendira igoera igandean, epaiketa politikoak salatzeko

Antsoain eta Iturramako Libre ekimenak, hurrengo asteetan ospatuko den epaiketa berria salatu asmoz, Ezkabako gotorlekura igoko dira igande honetan. Modu honetan Rosa Iriarte eta Eneko Compains bizilagunei babesa helarazi nahi diete.

Ezkabako gotorlekuan iaz egin zuten ekitaldia. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Ezkabako gotorlekuan iaz egin zuten ekitaldia. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Igandean, maiatzak 15, Antsoaingo Lapurbide plazatik abiatuko dira 10:30ean. Datorren astean espainiar Entzutegi nazionalean hasiko den epaiketa berri baterako eta aste honetan 47 euskal herritarrek jaso dituzten prozesamendu berriak salatzeko Iturrama eta Antsoain Libreren artean Ezkaba mendira martxa antolatu dute.

Data berezian egin ere, astebete beranduago 795 preso errepublikar gotorleku honetatik ihes egin zuteneko 78. urteurrena ospatuko da-eta. «Atzoko eta gaurko errepresio politikoa sinbolikoki bete betean irudikatzen duen gotorleku horren atarian eskubide zibil eta politikoen aldeko ekitaldia ospatuko dugu», azaldu dute ohar baten bidez.

Hurrengo astetik aurrera epaituko dituzten bederatzi militante independentisten artean Eneko Conpains iturramarra eta Rosa Iriarte antsoaindarra daude. «2010ean atxilotu, inkomunikatu eta tortura basatiak eragin zizkieten. Horren ondotik, ia bi urte eman zituzten behin-behineko espetxealdian Euskal Herritik, bataz beste, 500 kilometrora dispertsatuak, gainera. Eta aurrekoa gutxi ez balitz, jada ordaindu duten zigor ekonomikoa eta baldintzapeko askatasun egoerak sortzen duen etorkizunarekiko ziurgabetasuna pairatu behar izan dute. Ezin aipatu gabe utzi, epaiketak berak suposatuko dien koste pertsonal eta ekonomikoa», adierazi dute ohar baten bidez.

Ezkaba gotorlekuan ekitaldia 12:30ean izango da eta bertan hainbat hitzarte, bertsolari jan eta edana egonen da.