NAIZ

EH Bilduk Mayaren «kudeaketa arduragabea» salatu du koronabirusaren krisian

Koalizio subiranistak Enrique Maya Iruñeko alkatearen «kudeaketa arduragabea» salatu du covid-19aren krisian Nafarroako Gobernuaren neurriak kritikatu, alternatibarik ez eman eta udal oposizioaren ekimenak geldiarazteagatik.

Joseba Asiron Iruñeko Udaleko oposizioko burua.(Iñigo URIZ/FOKU)
Joseba Asiron Iruñeko Udaleko oposizioko burua.(Iñigo URIZ/FOKU)

EH Bilduk ohar batean azaldu duenez, okerren dauden auzoetarako plan sozial bereziak diseinatzea, laguntza-funtsak handitzea, ostalaritzarako plan bat aztertzea eta gabonetako afekzioak aztertzea proposatu du, baina Nafarroa Sumak uko egin dio oposizioaren proposamenak ostiraleko covid batzordearen gai-zerrendan sartzeari.

«Arduratuta gaude Mayaren kudeaketak gero eta antz handiagoa duelako Isabel Ayuso Madrilen egiten ari den kudeaketarekin. Alegia, gaizki kudeatu, oposizioa deuseztatzen saiatu, erakundeen arteko liskarra sustatu, eta hau guztia helburu bakarrarekin: egungo egoera larrian duen erantzukizuna ezkutzatzea. Ez dezagun ahaztu Iruñea estatuan daturik okerrenetakoak dituen hiria dela», azaldu du koalizio subiranistak.

Bere ustez, koronabirusaren aurrean, udalak herritarrei «tresna eraginkorrak eskaini behar dizkio birusaren hedatzea errazten duten egoerak saihesteko (pilaketak edo baliabiderik eza kasu), detekzio-mekanismo goiztiarrak bultzatu behar ditu eta laguntza funtsak handitu behar ditu okerren dagoenari arreta egokia emateko».

«Horren ordez, Enrique Mayak interes handiagoa du Nafarroako Gobernuarekin konfrontazio zuzenean aritzeko, haien neurriak kritikatuz baina alternatibarik eskaini gabe, Udalean oposizioaren proposamenak boikoteatzen dituen bitartean, laguntza planak gaizki kudeatuz, hala nola merkataritzarako, kulturarako edo ostalaritzarako bonuak, eta irtenbide polizialak lehenetsiz inbertsio soziala handitu ordez», hausnartu du EH Bilduk.

Gainera, «covidaren krisi betean gauden honetan», koalizioak salatu du alkatea pandemiarekin zerikusirik ez duten eta bere hauteskunde programan zeuden neurriak diru publikoarekin finantzatzen aritu dela. Hala nola, Espainiako Itzulia (40.000 euro) eta Gabonetako argiak (156.000 euro). Azkenik,oso eztabaidagarriak diren erabakiak hartzeko «krisi testuingurua probestu» duela kritikatu du, indarkeria sexistaren aurkako kartelak kentzea edo El Vergel adineko pertsonentzako egoitzako erabiltzaileen aurreani kastetxe pribatu bateko familiak lehenestea, besteak beste.

Auzokako planak, ostalariekin lan-saioa eta Gabonak prestatzea

EH Bilduk proposamen bat aurkeztu zuen joan den urriaren 14an, ostiral honetako Covid batzordean hiru gai eztabaidatzeko: auzoetako hedapen datuen azterketa zehatza, bakoitzari egokitutako estrategiak ezartzeko; ostalaritza elkarteetako ordezkariekin bilera bat, balizko udal estrategiak eta laguntzak ebaluatzeko; eta, azkenik, lan proposamen bat, Gabonak nola prestatu erabakitzeko.

«Bada, eskuineko hirukoak uko egin dio proposamen horietako bat bera ere bilerako gai-zerrendan sartzeari, atzo arte jakinarazi gabe eta bere eskumenak gaindituta; izan ere, Osoko Bilkuraren Araudiak berak, informazio-batzorde honen funtzionamendua arautzen duenak, oposizioko taldeei gaitasuna ematen die gai-zerrendan eztabaidarako puntuak sartzeko», salatu du.

«Batzorde hau oposizioko babesarekin soilik eratu zen, eta bere helburua Iruñean pandemiaren aurka borrokatzeko neurriak proposatzea, eztabaidatzea, aztertzea, adostea eta sustatzea da, epe ertain eta luzera, elkarlanean, Covidari ahalik eta eraginkortasun handienarekin aurre egiteko», esan du koalizioak.

«Hala ere, badirudi Mayaren gobernu taldeak organo horren papera boikoteatu eta gutxiestu nahi duela, aldebakartasunetik eta inposaketatik erabakiak hartzen jarraitzeko, gainerako alderdien proposamenak mespretxatuz eta Gobernuaren neurrien aurkako doako kritika eta erakundeen arteko liskarra lehenetsiz», hausnartu du EH Bilduk.

Hala eta guztiz ere, koalizio subiranistak iragarri du Covid batzordean eztabaidarako proposatutako hiru ekimenak defendatzen jarraituko duela, eta «herritarrek, auzoek edo gizarte sareak egindako proposamen guztiak foro honetara eramaten» jarraituko duela, Udalak ekimena har dezan.