NAIZ

Sarasateko terrazek hondakinei eta ur-hornidurari buruzko araua betetzeko eskatu du EH Bilduk

Sarasate paselekuan paratu diren terrazak hondakinei eta ur-hornidurari buruzko araua bete dezaten eskatu du Iruñeko EH Bilduk. Bide batez, egitasmo hau «Navarra Suma Udalean egiten ari den kudeaketa larderiatsuaren adibide berri bat» dela gaineratu du.

Sarasate pasealekuan paratu dituzte terrazak. (IRUÑEKO UDALA)
Sarasate pasealekuan paratu dituzte terrazak. (IRUÑEKO UDALA)

EH Bildu udal taldeak berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu du Iruñeko Udalean, Sarasate pasealekuan baimendutako bost terrazetan hondakinei buruzko foru araudia eta ur hornikuntzari eta elikadura higieneari buruzko tokiko araudia betetzeko eskatuz. Koalizio subiranistaren helegiteak, halaber, salatu du baimenak emateko oinarritzat hartu den Herritarren Segurtasunerako espedienteak ez duela Osasun arloko nahitaezko txostenik, eta hori «Navarra Suma Udalean egiten ari den kudeaketa larderiatsuaren adibide berri bat» dela.

Lizentziak emateari dagokionez, EH Bilduk uste du erabaki hori «diskriminatzailea» dela, izan ere, eremu jakin bateko lokal batzuei (Alde Zaharreko lau kale) baino ez die eskaintzen negozio-aukera hori, eta ez du beste aukerarik eskaintzen hiriko beste gune batzuetan dauden lokaletarako. «Sektoreak berak salatu du eskuineko hirukoaren jarrera hori; izan ere, jatorrizko proposamena ostalaritza elkarte batetik heldu zen hiriko hainbat gunetan ezartzeko, eta gobernu taldeak, inolako argudiorik gabe, Sarasaten bakarrik eraman du aurrera», argudiatu du koalizioak.

EH Bilduk gogorarazi duenez, Anapehk berak publikoki salatu zuen neurri horrekin «hamabi ostalariri egiten zaiela mesede, baina terraza berri hauetara doazen bezeroekin kaltea eragiten zaie beste ostalari guztiei».

«Eskuineko hirukoaren arbitrariotasunaren, aldebakartasunaren eta planifikazio txarraren erakusgarri da hau; izan ere, haien gobernu-ekintzak gehiengoaren aurrean gutxi batzuei egiten die mesede», salatu du EH Bilduk.

Gabezi ugari

Espedientearen gabezia teknikoei dagokionez, berraztertze-errekurtsoak argudiatzen du deialdiaren baldintza-agiriak Hondakinei buruzko Foru Legea urratzen duela, erabilera bakarreko baxera, manteleria eta mahai-tresnak eskatzen dituelako. ˜Udalak, beharrik gabe, justifikaziorik gabe eta 5 lokalen alde egiteko soilik, ez dio jaramonik egin foru-araudiari, hain zuzen ere kontrakoa eskatzen baitu, eta ez du kontuan hartzen lege honek egiten duen ahalegina toki-erakundeek hondakinen murrizketa bultzatzeko», gogorarazi du EH Bilduk, eta gaineratu du «ekonomia zirkularraren kontzeptuari ere muzin egiten dio, zeinak ahalik eta bizitza baliagarririk luzeena duten elementuen erabilera bultzatzen duen».

Bestalde, errekurtsoaren arabera, espedienteak ez du nahitaezko osasun-txostenik, eta terrazetan ez da eskatzen elikagai-higieneari buruzko araudia betetzen dela bermatzen duen ur-horniketarik. Izan ere, araudi horrek 51.4 artikuluan hau ezartzen baitu: «Instalazioek langileen higienarako eta ontziak garbitzeko behar beste ur edangarri eduki beharko dute konketa eta harrasketetara konektaturik, baita  saneamendu sareari konektatutao isurbideak ere».

Kasu honetan, EH Bilduk salatu duenez, esleipen prozesu horren pleguak dio terrazak «energia izango duela, baina ez duela ur hornidurarik izango, ezta hustubiderik ere». «Akats larri hori ur kitak ezarriz konpontzen saiatu dira, baina Osasun Sailak ez du instalazioa aztertu, eta, beraz, udaltzainek soilik homologatzen dituzte instalazio horiek», esan du koalizioak.