MARTXELO DIAZ

Mayaren publizitate banaketaren kontrako helegitea aurkeztu du Euskalerria Irratiak

Enrique Maya Iruñeko alkatearen taldeak Udalaren publizitate instituzionala banatzeko irizpidearen kontrako helegitea aurkeztu du Euskalerria Irratiak, erabaki honek euskarazko komunikabideen kontra egiten duelakoan.

Euskalerria Irratiko kideek helegitea aurkezteko agerraldia egin dute Iruñean. (@MartxeloDiaz)
Euskalerria Irratiko kideek helegitea aurkezteko agerraldia egin dute Iruñean. (@MartxeloDiaz)

Navarra Sumaren erabaki bat medio Iruñeko Udalaren publizatate instituzionala banatzeko irizpideak aldatu dira. Hori dela eta, soilik audientziaren %10a lortzen duten hedabideek jasoko dute hemendik aurrera publizitatea. ‘Diario de Navarra’ eta ‘Diario de Noticias’ paperean, SER eta COPE irratiak eta navarra.com webgunea izango dira komunikabide horiek. Telebista arloan Navarra Television izango litzateke onuradun bakarra.

Egoera honen aurrean helegitea aurkeztu duela iragarri du gaur Euskalerria Irratiak. Juan Kruz Lakasta irratiaren koordinatzaileak nabarmendu duenez, erabaki hau «euskarafobikoa da». Izan ere, audientziaren %10aren muga hori gaindiezina da Iruñeko euskarazko komunikabideentzako, euskaldunen kopurua populazioaren %10,5a delako. «Beraz, entzulego potentzial guztira heltzeko exijitzen digute», adierazi du Lakastak.

Gauzak horrela, Navarra Sumaren erabakiak «kontratazio publikoetarako lehiaketetetan bermatu behar den berdintasun printzipioa guztiz urratzen du». Kontratu administratiboen foru legearen aurka doala azpimarratzen du Nafarroako Auzitegi Administratiboan paratu duten helegiteak.

Babesgabetasuna ere aipatzen da helegitean, eraginkortasuna neurtzeko irizpide bakar gisa audientzia ezarten delako, beste batzuk, hizkuntza kasu, alboratuz.

Bazkidetzeko deia

Navarra Sumaren erabakiak 25.000 euroko kaltea suposatuko du Euskalerria Irratiarentzat. «Gurea bezalako irrati txiki batentzat, diru hori gabe geratzea galera handia da. Gainera, urtero errepikatu daitekeena, baldin eta epaileek edo Alkatetza aldaketa batek ez badute konpontzen», azaldu du Lohizune Amatria irratiko kazetariak.

Egoera horri buelta emateko Iruñerriko euskaldunei irratiaren bazkide egiteko deia egin die Amatriak. Azken urtoetan, lizentzia lortu dutela eta irratia sendotzeko pausu ugari eman dituztela gogoratu du. «Nolanahi ere, irratiaren indargune nagusia betikoa da: komunitatea. Gure 175 kolaboratzaileak, ehunka iragarleak, 900 bazkideak, 6.000 entzuleak. Eta proiektuak indarrez aurrera eginen badu, komunitate ahaltsu eta eskuzabal horren laguntzaz izanen da», gaineratu du.