NAIZ
IRUÑEA

Bihar GARAn, «Zaldi Urdina» antzezlaneko Oier Zuñiga aktoreari elkarrizketa

Bi egunez bete du Oier Zuñigak Iruñeko Gaiarre antzokia «Zaldi Urdina» obrarekin, euskal gatazkaren auzi ezberdinak jorratzen dituen antzezlanak. Izan ere, gertu ditu gatazka horren ondorioak, baina naturaltasunez azaleratzen ditu iraganeko pasarteak eta irakaspenak. Ibai Azparrenek egindako elkarrizketan lanaren berri ematen digu.

«Heroinaren fenomenoa oso potentea izan zen Euskal Herrian, 20-30 urteen arteko 5.000 gazte hil zirela heroinak eraginda, hiru milioi biztanleko herri txiki batean. Tragedia hori familien intimitatean geratu zen izkutatua, familiek eraman dute karga hori eta tabu hori azalaratzea izanda asmoa», azaltzen du aktoreak fenomeno honen inguruan.

Ilustratzailea ere bada Zuñiga. Izan ere, Durangoko Azoka iragartzeko kartelaren egilea da. Ilustratzailetik aktorera doan bidea ere azaldu du.

«Askotan esaten didate lanbide ezegonkorra aurkitu dudala. Egia da sormen munduak arrisku batzuk dituela. Arrisku horiek gabe ez dut uste sormena posible denik. Azken horrek jartzen gaitu etengabeko bilaketa batean, etengabeko alerta batean», gaineratu du.

«Zalantzarik gabe markatzen zaitu, bereziki inkomunikazioaren lau egunek. Kartzela beste modu batean, zure bizitza ez duzu arriskuan ikusten. Asko markatu ninduen ondorengo guzti horrek: epaiketaren zain egoteak, zenbat urte egon gintezkeen kartzelan... Sentsazio horrek antsietate handi batean sartzen zaitu. Gaur egungo Oier da Oier den moduan hori gertatu zitzaiolako ere bai. Heldutu nintzela esan dezaket. Bizitzaren krudeltasunaren pare-parean jartzen zaitu. Lagundu dit pertsona hobeago bat izaten, bizitzari begiratzen bestelako admirazio eta errespetu batekin», adierazten du Zuñigak 2009an pairatu zuen atxiloketaz. Gazte mugimenduaren kontrako kolpean izan zen atxiloketa hori.