NAIZ

Nafarroako irakasle interino askok uztailean kobratuko ez dutela salatu du Steilasek

Steilas sindikatuak Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetetzeko ituna hain nabarmen ez betetzea «eskandalagarria» dela uste du eta behar diren baliabideak «berehala ezartzea» exijitu du.

Colegio San Francisco de Iruñea. (NAIZ)
Colegio San Francisco de Iruñea. (NAIZ)

Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunak, 2018ko abuztuan sinatua, xadatzen du 2018-19 ikasturtetik aurrera, hura barne, udako hilabeteetara zabalduko zaiela kontratua modu automatikoan ikasturtean zehar gutxienez ere bost hilabete eta erdi lan egin duten irakasle interinoei.

Horren harira, Steilas sindikatuak puntu hau zenbait mahai sektorialetan berretsi dela gogoratu du. Are gehiago, joan den ekainaren 24an Roberto Pérez Elorzak, Hezkuntzako Zuzendari Nagusiak, berriz ere baieztatu ziela iragarri dute, telefonoz Giza Balibideetako Zuzendariarekin, Fco. Javier Igeliasekin, kontsultatu ondoren.

Hau dena gutxi balitz, PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta IEk sinatutako programa aurreakordioan aipatutako ituna bultzatuko eta garatuko dela esaten da.

Ituna eta konpromisoak izan arren, irakasle hauei uztailean eta abuztuan kontratua zabaltzeko edo kontratu berria egiteko kontratuetako eta nomineteko langileek inongo agindurik jaso ez dutela salatu du sindikatuak eta, hortaz, irakasle hauek uztaila kobratzeko «astirik ez» dagoela gaineratu du. 

Gainera, hauetako askok Departamentuak sinatutakoa beteko zuela uste izan dutenez, uda garairako beste lanpostu batzuei uko egin edota langabezia-prestaziorik ez dutela eskatu nabarmendu du.

Horregatik, Steilas sindikatuak uste du «eskandalagarria» dela ituna hain nabarmen ez betetzea, eta honi gehitzen zaizkiola beste batzuk, esate baterako «60 urteko irakasleen ordutegi murrizketa». Zentzu horretan, «behar diren baliabideak berehala ezartzea» exijitzen du, arduragabetasun honekin amaitzeko.