NAIZ

Antsoainen izanen da Nafarroako Haur eta Gaztetxo Kantari Jaialdiaren lehen saioa

Antsoaingo Antzokiak jasoko du martxoaren 7an aurtengo Nafarroako Haur eta Gaztetxo Kantari Jaialdiaren lehen saioa. Lehiaketaren finalari dagokionean, apirilaren 4an izanen da Barañaingo Auditorioan.

Iazko jaialdietan izandako saioetako bat. (Amaia DOMINGUEZ)
Iazko jaialdietan izandako saioetako bat. (Amaia DOMINGUEZ)

Lau emanaldi izanen ditu aurtengo Nafarroako Haur eta Gaztetxo Kantari Jaialdiak. Lehena Antsoaingo Antzokian izanen da martxoaren 7an. Ondoren, Lesakako Kultur Aretoak (martxoak 14), Zarrakazteluko Kultur Aretoak (martxoak 21) eta Lizarrako Los Llanos Kulturguneak (martxoak 28) jaso dituzte lehen faseko saioak. Finalari dagokionean, Barañaingo Auditorioan ospatuko da apirilaren 4an 18.00etan.

Antolatzaileek gogoratu dutenez, jaialdi hau 1992tik ospatzen da, Kantuzale Elkartearen eskutik. Elkarte honek langile bat zeukan horrelako ekitaldiak antolatzeko ardurarekin baina dirulaguntzarik gabe gelditu zirenetik Amaia Dominguez elkarteko kide eta musika irakasleak hartu zuen jaialdia antolatzeko ardura. 2012tik darama lan honetan, «desagertu ez daitezen, euskara eta euskal kantua zabaltzen baitute eta gure komunitateko haur eta gaztetxoek ahaztuko ez dituzten sentsazio eta sentimendu mordoen eragile ere badirelako».

Sei eta hamasei urte bitarteko Nafarroa osoko haur eta gaztetxoek hartu dezakete parte, beti ere euskaraz kantatu behar delarik. Musika tresnaren laguntza ala gabe, taldeka ala bakarka, kanta ezaguna edo sormenezkoarekin aritu ahal dira.

Hiru sailetan banatzen dira partehartzaileak: banaka, binaka eta taldeka (hiru kantaritik hamabostera, salbuespenak salbuespen). Abesbatzak zuzendaririk gabe eta gehienez hamabost partaidarekin aritu ahal dira.