NAIZ
IRUÑEA

Ziudadela berriro ireki dute sanferminetan itxita egon ondoren

Gaur eguerdian ireki da berriro Iruñeko Ziudadela. Sanferminak hasi baino egun batzuk lehenago itxi zen 2017ko sanferminetako Su Artifizialen Nazioarteko XVIII. Egile-Lehiaketako bildumen jaurtiketa bertatik egin baitzen. Aste honetan zehar, ingurua garbitu, berrikusi eta prestatu egin da, bisitariak segurtasunez ibili ahal izateko.

Iruñeko Ziudadelan harturiko irudia.
Iruñeko Ziudadelan harturiko irudia.

Ohiko ordutegiarekin bat irekiko da: astelehenetik ostiralera, 07:30ak aldera; larunbatetan, 08:00ak aldera; eta 09:00ak aldera, igande eta jaiegunetan. Ilunabarrean ixten da barrutia. Ziudadela barruan lau erakusketa-areto daude –Arma Aretoa, Mistoen eraikina, Bolborategia eta Labea–, non urtean zehar hainbat erakusketa ikusgai dauden, doan. Gaur arratsaldean Jose Ignacio Agorreta iruindarraren 2012-2017 izeneko erakusketa inauguratuko da, eta berriz ere ikusgai egongo dira, sanferminen aurretik irekitako honako erakusketa hauek: Alberto Rosen Hidden Humanity, labean; eta Bi. Inguratzen gaituena, Arma Aretoan, Iruñeko Udalaren arte garaikidearen bildumako eta DKV Seguros bildumako obrekin osatua.

Erakusketa-aretoen udako ordutegia, zeina urriaren 31ra arte mantenduko baita, honako hau da: asteartetik ostiralera, 18:30etik 21:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara; eta igande eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara. Astelehenetan itxita egongo dira. Ziudadelako lorategietan Quattuor ikus daiteke, arkitektura iragankorrezko instalazio bat, Fernando Molina, Sofía Urzainqui, Jose Rodriguez eta Maite Rodriguezek egina.

Gainera, bihar bertan, larunbatarekin, zenbait ezkontza zibil egingo dira Ziudadelan bertan horretarako prestatutako aretoan, eta datozen egunotan Arma Aretoaren kanpoaldean kokatuta dagoen taberna-kioskoa berriz ere martxan jarriko da. Halaber, bisita gidatuak egingo dira Ziudadelan barna, astelehenetik aurrera eta irailera arte, non bisitatuko baitira guardia-gorputza, kasernak eta kasamatak, antzinako kapera, poternak eta Laguntza atea.