NAIZ
IRUÑEA

Zerrenda bakarraren inguruko eztabaida publiko bat proposatu dio LABek Izquierda-Ezkerrari

Izquierda-Ezkerrak Hezkuntzako zerrenda bakarraren inguruan hartutako jarrera dela-eta, LAB sindikatuak eztabaida publiko batean parte hartzeko gonbitea egin dio. Bestetik, Kontseiluak deituta larunbatean Iruñeko kaleetan egindako «manifestazio jendetsua» txalotu du sindikatuak.

LABek eztabaida publiko bat proposatu dio Izquierda-Ezkerrari. (LAB)
LABek eztabaida publiko bat proposatu dio Izquierda-Ezkerrari. (LAB)

Irakaskuntzako zerrenda bakarraren inguruko «azken egunetako gertaerak eta jarrera hartzeak ikusita», Izquierda-Ezkerrak, PSNren lege proposamenari baiezkoa ematen badio, «bizkar emanen diela gehiengo sindikalari, aldaketaren gainontzeko alderdiei, gizarteko ahotsik progresistenei eta irakasle gehienen iritziari» adierazi du LABek. Honen aurrean, eztabaida publiko batean parte hartzeko gonbitea egin dio sindikatuak alderdiari.

I-E koalizioaren barnean den Batzarre alderdiak, gaiaren inguruan eztabaidatu eta gero, zerrenda bakarraren alde agertu izana «izugarri estimatzen» dutela ere adierazi dute Iruñean Imanol Karrera, LABen bozeramailea Nafarroan, Isabel Artieda, Administrazio Publikoetako arduraduna LABen eta Nora Salbotx, LABen Irakaskuntzako arduradunak egindako prentsaurrekoan.

Pozgarria da LABen aldarrikapen historikoetako batek nafar gizartean jadanik lortu duen atxikimendua ikustea, baita egunotan Zerrenda Bakarrak gure eztabaida politiko zein sozialean izan duen garrantzia egiaztatzea ere. Atzean, ezkutuan, jende askoren lan eskerga dago, eztabaida saio luzeak, gai hau argi ez zuen hainbat hiritar eta talderekin eginiko bitartekaritza, kalean zein instituzioetan eginiko lana... gure zeregin nagusia nafar Hezkuntzan hizkuntzen araberako zerrenda bereiziak egotea dakarren diskriminazioari buruzko kontzientzia piztea izan da.

Gai honetan, «erregimenarekin bat egiteak, horrek dituen sakoneko ondorioak kontuan izan gabe, Aldaketaren aurka egin nahi den higatze saioarekin elkarlanean aritzea suposatzen duela» adierazi du LABek. «Herritarrak hizkuntza bat baino gehiago jakiteagatik zigortuak izaten jarraitzea suposatuko luke. Estatu osoan zerrenda bakarra ez duen lurralde bakarra Nafarroa izaten jarraitzea suposatuko luke. Nafarroako Adiministrazioaren barnean zerrenda bakarra izango ez lukeen arlo bakarra Hezkuntza izaten jarraitzea suposatuko luke. Eta batez ere, eztabaida hori elikatzen jarraitzeak irakasleriaren artean benetan existitzen ez den konpetentzia artifiziala berpiztea suposatuko luke. UPNk horren gustuko duen ‘que vienen los vascos’ leloaren bertsio berria, orain Hezkuntzan».

Egungo egoera «ulertezina» dela iritzi du sindikatuak. «Gustatuko litzaiguke guk gai horren inguruan gure argudioak plazaratu ditugun bezalaxe I-Ek ere berdina egitea. Horregatik guztiagatik, LABek I-Eri dei egiten dio berarekin batera zerrenda bakarraren inguruko aurrez aurreko eztabaida publikoa egitera. Bakoitzak bere argudioak defenda ditzala modu ireki eta demokratikoan».

Iragan larunbateko mobilizazioa

Bestetik, Kontseiluak Iruñean eginiko «manifestazio jendetsua» nabarmendu du LABek. «Zerrenda bakarraren auzia nafar gizartean txertatzen joan da azken hilabeteotan eta larunbatekoa horren beste erakusgarrietako bat izan zen».