NAIZ
Ondarroa

Euskal Herria Sormen Saria jaso du Asisko Urmenetak

Euskal Herriko Sormen sariaren lehen irabazlea da Asisko Urmeneta margolaria. Marabili jaialdiak antolatu du sari hau, denboran luzatzeko asmoz. Urmeneta «artista plastiko gisa duen kalitateagatik, euskararekiko duen loturagatik, Naparheid, Argia, H28, Gartxot eta bestelako egitasmoetan kultur eragile gisa egin duen lanagatik» omendu nahi izan dute nafarra.

Euskal Herria Sormen Saria jaso du Asisko Urmenetak.
Euskal Herria Sormen Saria jaso du Asisko Urmenetak.

Marabilli jaialdiak aurten eman du lehenengo Euskal Herriko Sormen Saria. Sariak kreazio arloan bizi osoan egindako lana omentzen du, espiritu kritikoa eta herriarekiko engaiamendua azpimarratuz.

Lehen sari hori Asisko Urmeneta marrazkilariari eman nahi izan diote. Epaimaihak aho betez onartu du Asisko saritzea «artista plastiko gisa duen kalitateagatik, euskararekiko duen loturagatik, kultur eragile gisa egin duen lanagatik, Naparheid, Argia, H28, Gartxot eta bestelako egitasmoetan».

52 urteko komikilari nafarrak ibilbide oparoa du. Bere lehen pausoak Napartheiden eman zituen. Horren ondoren, hainbat prentsa kolaborazio egin ditu, Argian batik bat. Zazpiak Batman kolektiboko kidea ere bada (Kike Amonarriz eta Antton Olariagarekin batera Mantxut liburuak atera ditu), H28 aldizkari satirikoan parte hartzen du eta Xabiroi Ikastolen Elkarteko aldizkarian ere marrazten du.

Hemendik aurrera, saria Korrika ospatzen den urteetan emango da, hau da, urte bakoitietan, urriko lehen larunbatean. Saria da saridunaren aurpegiarekin egindako buruhandia. «Dirurik ez baina maitasun handia», diote antolatzaileek.