NAIZ

Hatortxu Rockek emakumeei zuzendutako maketa lehiaketa aurkeztu du

Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak atzoko martxoaren 8ko emakume langilearen aldarrikapen egunarekin bat egin du eta ‘Lilaketa’ maketa lehiaketa aurkeztu du «emakumeek oholtza gainean duten presentzia sustatu asmoz».

Emakumeei zuzendutako ‘Lilaketa’ maketa lehiaketa aurkeztu du Hatortxu Rockek.
Emakumeei zuzendutako ‘Lilaketa’ maketa lehiaketa aurkeztu du Hatortxu Rockek.

«Lehiaketa honen helburua emakumeek oholtza gainean duten presentzia sustatzea da, emakumeek osatutako musika taldeak eta emakume musikariak bultzatu asmoz», adierazi du Hatortxu Rockek ohar baten bidez. Modu honetan aurkeztu dute ‘Lilaketa’ maketa lehiaketa.

Azaldu dutenez, «aspaldiko arazoa da musika munduan emakumeek pairatzen duten egoera. Gutxi dira, oso gutxi, oraindik ere oholtza gainetan, gizonezkoekin alderatuz, ikusten diren emakumeak. Hatortxu Rocken ere arazo hau behin baino gehiagotan ikusi ahal izan dugu. Eta hitzetatik ekintzetara pasatzea erabaki dugu».

Izena emateko, gutxienez, taldearen %50ak emakumeak behar dute izan. «Emakumeen presentzia handiagoa balorazio positiboa dakar», zehaztu dute. ‘Lilaketa’ maketa lehiaketan izena emateko epea irailaren 1era bitarte luzatuko dute, eta orduan abiatuko da kanporaketa fasea, jasotako materialaren bitartez. Antolakuntzak hiru finalistak aukeratuko ditu eta finala zuzeneko emanaldi batean egingo da.

Talde irabazleak antolakuntzak erabakitako estudioan maketa bat grabatzeko aukera izanen du, eta 500 euroko saria ere jasoko du. Lilaketaren inguruko informazio eta xehetasun guztiak elkartasun jaialdiaren webgunean daude. «Salto oholtzara!», animatu dituzte emakume musikariak.

Hatortxu Rock 20. edizioa antolatzen dabil, zein Lakuntzan ospatuko den uztailaren 27tik 30era. Dagoeneko 50 talde iragarri dituzte eta oraindik gehiago izango direla baieztatu.