NAIZ
IRUÑEA

Gaztetxeen eta gune autogestionatuen alde mobilizazioa egin dute Iruñeko Alde Zaharrean

‘Gaztetxe eta gune autogestionatuak, aurrera’ zioen leloaren atzetik Iruñeko Alde Zaharreko kaleak zeharkatu dituzte gazteek. Gaztetxea «ehun sozial komunitario, autoantolatu eta herrikoiaren eraikuntzan egiten duten ekarpena» aldarrikatu dute 150 gazte inguruk.

Gaztetxeen aldeko mobilizazioa egin dute Iruñean. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Gaztetxeen aldeko mobilizazioa egin dute Iruñean. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Espazio autogestionatuen defentsan eta gaztetxeen alde 150 bat gazte elkartu dira nafar hiriburuan. Manifestazioa 18:00etan abiatu da, Iruñeko Errekoletas plazatik eta Alde Zaharreko kaleak gurutzatu ditu.

Gazteak ‘Gaztetxe eta gune autogestionatuak, aurrera’ zioen leloaren atzetik abiatu dira. Mobilizazioan zehar «gazteok antolatu, lokalak okupatu» bezalako aldarriak zabaldu dituzte. «Gaztetxea, gure etxea» ere entzun ahal izan da, eta Iruñeko Udalaren kontrako oihuak ere izan dira.

Gogoan izan dute Bilboko Etxarri gaztetxea, aste hoentan bertan hustua izan dena, eta zorion mezu bat helarazi nahi izan diete Errotxapea, Barañain eta Tafallako gaztetxeei.

Era berean, «balore eta praktika autogestionatuen bitartez mota honetako espazioek auzoen eraldaketarako beharrezkoak direla» aldarrikatu dute gazteek. Gaztetxea «ehun sozial komunitario, autoantolatu eta herrikoiaren eraikuntzan egiten duten ekarpena» nabarmendu dute.

«Iruñean eman daiteken aldaketa politiko, sozial eta ekonomikoan aurrera egiteko ezinbesteko tresnak dira», gehitu dute. Aldaketa horretan «sakondu» beharra dagoela azpimarratu dute.