NAIZ
IRUÑEA

Iruñeko Alde Zaharrean hIREKIn kolektiboak okupatu duen eraikin bat hustu du Udaltzaingoak

Etxebizitza moduan erabiltzeko okupatu du hIREKIn kolektiboak Sarasate pasealekuko etxebizitza bat gaur goizean. Eguerdian bertaratu da Udaltzaingoa, hustu eta hiru gazte atxilotu ditu. Bi pertsona daude zaurituta, gutxienez.

Iruñeko Sarasate Pasealekuan eraikin bat okupatu du hIREKIn kolektiboak. (@aagirrezabal)
Iruñeko Sarasate Pasealekuan eraikin bat okupatu du hIREKIn kolektiboak. (@aagirrezabal)

hIREKIn kolektiboak eraikin bat okupatu du Iruñeko Sarasate pasealekuan gaur goizean. Okupazioa etxebizitza-merkataritza eredua salatzeko egin dutela adierazi dute ohar baten bidez. Kolektibo hau «Iruñerriko borroka esparru ezberdinetatik datozen gazte talde batek» osatzen duela argitu dute eta ekintza honen bidez aurkeztu nahi izan du bere burua.

Hala ere, eguerdian Udaltzaingoa bertaratu da eta ingurua hartu egin du. Tartean hainbat kolpe izan dira, eta gutxienez bi gazte daude zaurituta. Espainiar Polizia ere bertaratu egin da eta kanpoan zegoen jendea handik bota egin du.

Barruan, oraindik bi gazte zeuden orduan eta 15:30ak aldera atera dituzte eta atxilo eraman. Baita babesa agertzen ari zitzaien hirugarren bat ere. Hiruak komisaldegira eraman dituzte.

«Sistemak etxebizitzaren bidez gazteongan eta herritarrongan eragiten duen biolentzia salatzen dugu. Horren aurrean jabeko pribatuari desobedientzia egiten diogu, eta okupazioaren zilegitasuna defendatzen dugu», gehitzen du hIREKIn kolektiboaren oharrak.

Honen aurrean, 18:00etan Nabarrerian elkartzeko deialdia egin dute. Era berean, astelehenerako deituta zeukaten prentsaurrekoa mantentzea erabaki dute.