@MartxeloDiaz
IRUÑEA

Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute ekainaren 4an Iruñean

Nafarroan eman den aldaketak euskararen normalizazioan aurrerapausuak suposatu baditu ere oraindik ere euskaraz bizitzeko bide luzea egin behar dela nabarmendu du euskaltzale talde batek. Hori dela eta, ekainaren 4an Kotseiluak deitu duen manifestazioan (Golem, 17.30) parte hartzeko deia egin dute.

Foruen Monumentuaren ondoan egin dute agerraldia (@MartxeloDiaz)
Foruen Monumentuaren ondoan egin dute agerraldia (@MartxeloDiaz)

«Nafarroan benetako aldaketa eman zedin euskaratik eratorritako aldaketa izan behar zela aldarrikatu genuen orain dela urtebete eta hori berresten dugu orain ere. Hainbat gauza aldatu da azken urtean, hori hala da, baina oraindik ez gaude nahi eta behar dugun egoeran. Areago, Erregimenari eta beren pribilegioei eutsi nahi diotenek euskararen eta euskaraz bizi nahi dugunon aurkako erasoari eutsi diote. Horregatik, beharrezko ikusten dugu lanean jarraitzea. Herritarrak izan dira urte hauetan guztietan euskararen normalizazioan bidea zabaldu dutenak eta aurrerantzean ere horrela izango da», adierazi du Anabel Arraizak aktoreak Foruen Monumentuaren ondoen egin duten agerraldian.

«Euskarari bide ematen diogula erakutsiko dugu manifestazioan. Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuz, helduak euskaldunduz, euskal kultura sustatuz, hedabideak gure eskura jarriz, lan mundua euskaldunduz... Eta, noski, milaka herritarrek euskaraz bizitzeko hautua eginez euskarari bide ematen diogu, eta hori erakutsiko dugu kalean, harrotasunez. Gobernuari dei egiten diogu euskaraz bizitzeko ahalegina egiten dugunokin bat egin dezan, euskaraz bizitzea egingarri izateko erabakiak eta neurriak hartuz, eta aurre eginez gure duintasuna zapaldu duten horiei», gaineratu du.