NAIZ
IRUÑEA

Ezpalak dantza jaialdiak 10. urteurrena ospatuko du asteburu honetan Iruñean

Maiatzaren 28an Iruñean eta 29an Eibarren izanen ditu urteoroko bi zitak 2016ko Ezpalak, dantza tradizionalen nazioarteko jaialdiak. Bere 10. urteurrena ospatuko dute aurten, eta 2006ko lehen ekitaldi hartan bezala, Ezpata-dantzak izanen dira protagonista.

Ezpata dantzariak Leitzan. (NAIZ)
Ezpata dantzariak Leitzan. (NAIZ)

Asteburu honetan Iruñean eta Eibarren ospatuko da Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia, aurten 10. urteurrena beteko duena. Lehen ekitaldi hartan Ezpata-dantza izan zen protagonista, eta aurten errepikatu egingo da.

«Ezpata-dantzak dantza egitura moduan ulertzen ditugu gaur; ez du axola ezpatak, makilak, arkuak edo sokak erabiltzen diren, tresna horien bidez lotzen diren egiturek ematen diote izena generoari. XV. mendean modan ziren ezpata-dantzak Europan, eta XXI. mende hasieran ere modan daudela esan daiteke. Zahar-zaharrak eta berri-berriak, denetarikoak ikusi ahal izango ditugu 2016ko Ezpalak jaialdian», azaldu dute ohar baten bidez. Horretarako Euskal Herriko txoko ezberdinetatik iritsitakoez gain, Ingalaterra edo Andaluziatik ere gerturatuko dira.

Nafar hiriburuan larunbatean elakrtuko dira. Bertan, 12:15etik aurrera kalejiran ibiliko dira Alde Zaharreko kaleetan barrena, Burgoen plazara iritsi arte. Bertan, Iruñeko Duguna dantza taldea, Biarritzeko Maritzuli dantza konpainia, Lesakako ezpata-dantzariak, Huelvako San Bartolome de la Torreko dantzariak eta Newcastleeko Kingsmen ezpata-dantzariak arituko dira.

Hurrengo egunean, Eibarren, bertako Kezka dantza taldea, Berako Gure Txokoa eta Zumarragako Irrintzi batuko zaizkie.