NAIZ
IRUÑEA

Eraikina okupatu eta hamar urtera, Rozalejoko ateak berrireki dituzte Iruñeko gazteek

Hala diote Iruñeko Alde Zaharreko gazteek: «Alde Zaharrak gaztetxea lortu du!». Lehenengo aldiz okupatu zutenetik hamar urte igaro direnean, Marques de Rozalejo jauregiko ateak ireki dituzte berriro gazteek.

Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxe berria. (NAIZ.EUS)
Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxe berria. (NAIZ.EUS)

2007ko maiatza zen Iruñerriko gazte mugimenduak espazio autogestionatu bat irabazteko erabakia hartu eta Marques de Rozalejo jauregia okupatu zutenean. Eutsi zuten, baina hustea gauzatu eta 40 gazte atxilotu zituzten.

Hamar urteren buruan, bada, berriro ireki dituzte aipatu jauregiko ateak Iruñeko Alde Zaharreko gazteek. Prentsa ohar baten bidez, azaldu dute langileria, «eta bereziki gazteria», krisiak «gogorki» jota dagoela: «Gure bizi baldintzek behera egin dute modu nabarian».

Nafarroan eman den aldaketa politikoari ere egin diote erreferentzia, esanez espainiar eskuina instituzio gehienetatik botatzea lortu bada ere aldaketak ez duela lortu «orain 10 urte gazteak Marques de Rozalejo okupatzera bultzatu zituen beharraren desagertzea».

«Bidegabea da luxuzko hotelak eraikitzea gaztetxerik ez dagoen artean, bidegabea da AHT eraikitzea gaztetxerik ez dagoen artean eta bidegabea da eraikin publiko andana hutsik eta erabilerarik gabe mantentzea gaztetxerik ez dagoen artean», salatu dute gazteek.

Gaineratu dute jauregia 20 urte inguru mantendu dutela itxirik, «hondatzen eta usteltzen, pertsonen oinarrizko beharrek bete gabe dirauten bitartean». Rozalejoko ateak auzotar guztientzat daude irekita, «beharra duten auzoko eta hiriko kolektibo herrikoientzat». «Arazo errealak autogestioaren bidetik auzoarentzat konpontzeko ordua heldu da».