NAIZ
IRUÑEA

1.500 sinadura bildu dituzte, Arrotxapean mediku eta pediatra euskaldunak exijitzeko

Osasun Etxeak eta Biok Euskaraz herri ekimenak 1.500 sinadura baino gehiago bildu ditu Arrotxapeako osasun etxean mediku eta pediatra euskaldunak exijitzen duten auzokideei babesa adierazteko. Nafarroako Gobernuari entregatu dizkiote sinadurak.

1.500 sinadura baino gehiago bildu dituzte, Arrotxapean mediku eta pediatra euskaldunak exijitzen dituzten auzokideen alde. (NAIZ)
1.500 sinadura baino gehiago bildu dituzte, Arrotxapean mediku eta pediatra euskaldunak exijitzen dituzten auzokideen alde. (NAIZ)

«Nafarroako Gobernuari gaur aurkeztu dizkiogun 1.508 sinadurekin, gure hizkuntza eskubideak osasun etxean berma ditzala exijitu nahi diogu. Aldarrikatzen ari garena oinarrizko eskubideak dira eta lortu arte ez dugu etsiko». Hitz horiekin azaldu du Osasun Etxeak eta Biok Euskaraz herri ekimenak bere iniziatiba honen funtsa.

Azpimarratu dutenez, Arrotxapeako osasun etxean ez dago «ez mediku ez eta pediatra euskaldunik». «Euskaldunon hizkuntza eskubideak ez daude bermatuta eta, beraz, ez dago kalitatezko arreta-zerbitzua jasotzerik», adierazi.

Gogoratu dute orain hamalau hilabete hasi zirela hainbat auzokide osagile aldaketa eskatu eta mediku eta pediatra euskaldunak exijitzen. «Osasunbidearekin erantzuna, legez beharturik ez dagoela eta Nafarroako Gobernuari edo Parlamentuari dagokiola egin beharreko lege aldaketak egitea izan zen», azaldu dute.

Osasun Kontseilariarekin eta Euskarabideako zuzendariarekin ere bildu ziren, baina ez zuten lortu arazoa konpontzea.

Hilabete hauetan hainbat ekimen burutu dituzte eta pozik agertu dira auzokideen inplikazioarekin. «Aldiz, Nafarroako Gobernuari dagokionez [Exekutiboan dauden alderdiekin biltzen saiatu dira, eta EH Bilduk soilik hartu ditu] ezin dugu gauza bera esan. «Hitzez arrazoia ematen badigute ere, konpromisorik hartzeko gai ez dira izan eta euskaldunok auzoko osasun etxean bizi dugun mepeko egoera konponbidean jartzeko ahaleginik ez dute erakutsi».

Gaineratu dutenez, duela egun gutxi jakin dute auzoko osasun etxean mediku bat eta bi erizain gehiago izango dituztela, horietako bat pediatrian, baina ez Osasunbideak eta ez Nafarroako Gobernuak ez diete informaziorik helarazi eta euskaldunak izango diren edo ez ere ez diete argitu.