Luis Urzainki eta Arantzazu Martinez

Lakarri, mendian lasaitasunez

Sagaseta herritik abiatzen den ibilbidea aukeratu dugu oraingo honetan. Ikaragarri polita eta abentura pitin bat gehiago nahi duen jendearentzat da. Hala ere, mendian lasaitasunez joan nahi dutenentzat alternatiba errazago bat ere bilatu diegu.

Egulbati herriaren inguruan (Aragazkiak: Mintxo BIDAURRE)
Egulbati herriaren inguruan (Aragazkiak: Mintxo BIDAURRE)

Lakarri mendia Iruñerriko Ipar ekialdean kokaturik dago, Arga eta Erro ibaien artean. Ibilbide hau Egulbati herritik pasatzen da, benetan ikusgarria den tokia da. Herri honetatik aurrera alternatiba erosoago bat eskeiniko dizuegu, inongo trabarik gabekoa eta garbia dagoena. Goiko partean ere beste alternatiba errazago bat duzue aukeran, guk eskuinetik igo eta ezkerretik jeixteko gomendioa egingo dizuegun arren.

Ibilbidearen hasiera: Sagaseta.
Desnibela: 488 metro.
Kilometroak: 12,51 kilómetro, joan eta etorri.
Zailtasuna: Erraza edo zaila.
BTT: Ezinezkoa.
Denbora: 3/4 ordu, joan eta etorri.
“Iruñerriko mendiak” gidaren 6. eta 7. ibilbideak.

Igoera, Sagaseta herrian hasiko gara
0.00km. (558m). Sagaseta herritik Egulbatira doan pista hartuko dugu, pista berak Egulbatiraino eramanen gaitu inongo arazorik gabe. Ikaragarria den tokia.

2.06km. Egulbati herriaren erdian dagoen gurutzean eskuin aldera joko dugu, bide nabarmenetik joanda.

2.33km. Aurrerago, errekatxo bat gurutzatu ondoren, bidegurutze batera iritsiko gara. Hemendik bi aukera ditugu, zokoanditik (ezkerretik) igo edo Zanditik (eskuinetik). Ezkerrekoa askoz ere politago eta basatiago da, jarraitzeko erraza. Hala ere, persona batzuentzat deserosoa izan daiteke, zenbait zuhaitz bide erdian erori eta bertan geratu direlako, naturaren kontuak… Eskuineko bidea jaisteko erabiltzea gomendatzen dizuegu, baina ibilbide erosoagoa nahi izatekotan hau erabili dezakezue igo eta jaisteko.

A.- Ezkerretik Zokoanditik.
2,33km. Zokoanditik joateko, bide gurutze honetan, ezkerreko bidea jarraituko dugu. Aurrerago basoan sartuko gara eta erreka ondotik igoko gara.

3.63km. Seinalizaturik dagoen beste gurutze batetan ere ezkerretik joko dugu. 4.18km. Pistara aterako gara eta pistatik eskuinerantz jarraituko dugu portalanga batera iritsi arte.

4.48km. Portalanga bat pasako dugu eta ezkerrean sortzen den beste basabide bat hartuko dugu, hemendik gailurrera dena basabidea izango dugu.

Alternatiba B.- Eskuinetik Zanditik.
2.33km. Bidegurutze batean zuzen jarraituko dugu eta berehala iritsiko garen beste bidegurutze batera, eskuinerantz igoko gara. Bide honek arazorik gabe goiko pistara eramanen gaitu.
Behin goiko pistan ezkerrerantz joko dugu eta pistatik jarraituko dugu metalezko portalanga batetaraino.

Pista mozten duen metalezko portalanga baina metro batzuk lehenago, gure eskuinean sortzen den basabide bat hartuko dugu. Hemendik aurrera beste bidearekin bat egingo dugu.

4.48km. Behin basabidea hartuta, bide honetatik jarraituko dugu, beti nabarmenena jarraituz.

5.54km. Oso nabaria den beste basabide batean sartuko gara, hemen ere zer egin nahi dugun erabaki behar dugu. Ezkerretik joanez gero, Lakarrira igoko gara azarorik gabe oso argia den basabide batetatik. Hala ere, ezkerreko bidea jaisteko gordetu ahal dugu eta eskuinetik igo. Eskuineko bidea berriz, ez da jarraitzeko hain erraza, baina aukera polita izan daiteke toki batetik igo eta bestetik jaisteko. Hemendik eskuinetik igo eta ezkerretik jaistea animatzen zaituzegu.

D.- Eskuineko basabidea.
Orduan, eskuineko bidexka jarraituko dugu, abenturara gehiago!!! Bertatik jarraituko dugu 5 bat minutu.

5.83km. Bide erdian erorita dagoen zuhaitz bat behin pasatuta, ezker aldean igotzen den bidexka fin bat hartuko dugu, ez da oso nabaria baina jarraipena duela ikusiko dugu. Hemendik aurrera gora eta pitin bat eskuin aldera egin beharko dugu langa bateraino iritsi arte. Behin langan egonda langa jarraitu beharko dugu gorantz goiko partean basabide nabarmen batera iritsi arte. Behin goiko bidean sartuta ezkerrerantz jarraituko dugu eta berehala gailurrera iritsiko gara.  

6.22km. Lakarri, 1.046m.

Alternatiba E.- Ezkerreko basabidea.
Sartuko garen bidexka, ezkerrerantz egingo dugu eta basabidea jarraituko dugu, berehala xendagurutze batera iritsiko gara eta eskuinerantz igoko gara. Hemendik aurrera basabidea jarraitzea besterik ez dugu, harripilo batzuekin ongi markaturik dago.

5,97km. Goiko partean, tontorra baina metro batzuk lehenago, beste bidearekin topo egingo dugu eta gorantz jarraituko dugu gailurreraino.

6,10km. Lakarri mendia 1.046m.



Jaitsiera, errazago den bidetik jaistea gomendatzen dizuegu
0,00km. Lakarritik jaisten hasi eta berehala aurkituko dugun gurutzean, ezpelen artean ezkerrarantz egingo dugu, xenda batetik jaitsiko gara beti harripiloak jarraituz.

0,43km. Beste xenda batetara iritsiko gara eta ezkerretarantz jaitsiko gara. Berehala lehen egon garen xenda gurutzera iritsiko gara eta eskuinerantz jarraituko dugu, lehen joan garen xendatik.

1,62km. Pistara aterako gara, eta pistatik ezkerrarantz jarraituko dugu.

2,53km. Eskuinean pistatik abiatzen den bidea hartuko dugu, eta bide nabarmena jarraituz Egulbati herriraino jaitsiko gara.

4,23km. Egulbati herritik, lehen hartu dugun pista hartuko dugu eta Sagasetaraino eramanen gaitu.



BTT.
Mendiko bizikletarekin ezin izango dugu joan bide honetatik Lakarri mendira, hala ere, inguruan oso bide politak daude bizikletaz gozatzeko.

Umeak.
Lehendabiziko partea oso toki polita eta egokia da umeekin joateko. Egulbati herria ezagutu behar den toki bat da eta umeekin egoteko tokia paregabea da, askotan zaldiak eta behiak daude. Baina goraino joateko gehiegi izan daiteke, kilometro asko dira eta bidea toki batzuetan deserosoa izan daiteke.

Ibilbidea Wikiloc-en