NAIZ
Atarrabia

Hatortxu Rocken 19. edizioa abenduaren 17an izango da, Atarrabian

Hatortxu Rockek badu data. Musika eta elkartasun jaialdiak abenduaren 17an edizio berri bat izango du Atarrabian. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, datozen egunetan iragarriko dituzte bertan izango diren taldeak.

Hatortxu Rock, abenduaren 17an, Atarrabian.
Hatortxu Rock, abenduaren 17an, Atarrabian.

Abenduaren 17an izango da Hatortxu Rock jaialdiaren 19. edizioa. Azken urteetan bezala, Atarrabiako Entrecementerios gunean elkartuko dira euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko musika jaialdian.

Lehen berria dataren aurrerapena da. «Gabonetako daten zailtasuna dela-eta, abenduaren 17an ikusiko dugu elkar Hatortxu Rock 19n», adierazi dute ohar baten bidez.

Urtero azkena izateko desioarekin lan egiten dutela errepikatu dute behin eta berriz Hatortxuko antolatzaileek, baina beste behin jaialdia aurrera ateratzeko beharra ikusi dute. «Errepresaliatuen egoerak ez du hobera egin, eta 19, aldiz Hatortxu Rock antolatzea ezinbesteko suertatu da».

Data jakinarazi bezain laster, asko izan dira sare sozialen bitartez taldeen inguruan galdetu dutenak, eta antolatzaileek kartela «laster» iragarriko dela azpimarratu dute.